Os dejo una muestra del cuento Ixa ASAP! que galardonada por el Ayuntamiento de Pamplona, para que veais un poco cómo es.
Aitzaki
bat prest dut beti, baina atzokoa benetako arazoa izan zen. Inork ez du dirutan
ordaintzen informatika denda batean, eta txartelaz ordaintzeko aparailua
izorratzen bada denda itxita izatea bezalakoa da.
-
Datafono hau?
-
Bai.
-
Aurrean duzuna?
“lelo alena, ez al duk ikusten baietz?”
-
… Bai.
-
Konpontzea lortzen badut, joango al gara garagardo bat edatera?
Keep Calm and THINK! Arriskua nabaria zen, horrelako harroputza
ez zuen ahoberokeriarik botako, ala bai? Baina egun osoan ibilia nintzen
aparailua izorratua eta jada ez nuen inolako itxaropenik. Eta egia esateko,
garagardo bat edateko irrikan nengoen.
-
Noski Koldo, noski.
Hura izan zen nire hordagoa, eta baita nire
porrotaren preludioa. Koldo datafonora lasai gerturatu zen eta ezker eskuarekin
hartu. Linea dakarren kablea eskuinarekin harrapatu zuen. Ni irribarrez desafio
egin nion. Lehen konprobatu nuen gauza zen hura, ea kablea datafonora ondo konektatua
zegoen. Spaghetti Western modukoa zen hura, Koldo gaizkilea bere bi eguneko
bizar zikina aurpegian datafonoarekin ni mehatxatuz, eta ni herrialdeko
sheriffa aukera guztiak errepasatuz: bateria ok, bankuarekin kontratua ok,
telefono zerbitzua ok, internet ok. Koldok ordea, zabalagoa bueltatu zidan
irribarrea eta kablea biltzen hasi zen. Ezinezkoa!
“Ezinezkoa, ez al da izango orduan…” Eta momentuan, lehenengo izerdi hotz tantak
nabaritu nituen bizkarrean nire kamiseta korporatiboa bustiz. Gure erronkan
Koldok aukera bat zuen, baina ezin liteke…
-
Tira Ixa, kaña bat zor didazu, hemen duzu arazoa nire ustez. Kablea ez dago
konektatuta.
Perpausa
aurpegira bota zidan, hitz bakoitza gozatuz, eskuin eskuaz paretan finkaturik
behar zuen kablearen beste punta eskaintzen zidan momentuan.
Hura bai lotsa! Momentuan gorritu nintzen,
gorputzeko odola guztia aurpegian bildu zitzaidan ia konortea galdu arte.
Gauzak erakusteko dendan ditudan beirate guztiek nire ile koloreak tomate
aurpegia ikaragarri nabarmentzen zuela esaten zidaten ozenki eta urduritasunak
jota ez nintzen gai izan beste aitzakia bat asmatzeko. Segurtasun gehiegi nuen
soinean eta “mutil alprojak alde batera uzteko mila eta bat aitzakia” nire
gida aspaldi ez nuela errepasatzen.
Tabernan geundela lehenengo garagardoa trago
bakarrez edan nuen. Gustuko dut garagardo hotza, eta atzo benetan behar nuen.
Egun luze eta zaila izan zen, eta aurpegian sumatzen nuen erradiadorea
itzaltzeko eskura nuen modua suertatu zitzaidan garagardoa.
Baina beharbada azkarregi edan nuelako, edo
edan aurretik ezer jan ez nuelako edo oso hotza zegoelako, edo nork daki!
beharbada, agian, apika, teoria hutsa besterik ez da noski, hamar edo hamabi
garagardo inguru edan nituelako, txoratzen hasi nintzen, (zenbatzeko abilezia
eta memoria galduz noa esponentzialki edaten dudan einean, medikura jo beharko
nuke?). Koldo, jator eta guzti sumatzen nuen jada, berba interesgarria, nire gustuko
gaiak landuz (nire gustukoak = zombiak, java, arduino, plaka base, DoS,
Annonimous… bai, ez duzue ezer ulertzen, badakit, ez iezadazue kontutan izan),
eta ze demontre, ondo pasatzen hasia nintzen. Aurreko ehun eta hamasei
porrotetan landutako estrategia fina aurrera zeraman ni konturatu gabe.
Ez nintzen momentu hartan arduratu baina bere
besoak nire gerria biltzen zuela konturatu nintzen. Defentsak desaktibatuak
nituela konturatu eta ingurua eskaneatu nuen nire burmuinean parrandan ez
zeuden hiru neurona bakarrekin. Ez nuen zer
gertatzen ari zen ulertzen. Hogei garagardo inguru mahaian, erdiak + 1 nireak,
Koldoren eskuineko eskua nire gerrian eta grabitazioaren lege unibertsalak
bultzatuta ziurrenik, tanga edo kuleroak neramatzan aztertzera behera egin zuen
trakets.
Beren garantia agortua egon zitekeen edo litekeena
da nik garagardoari trago bat ematea, eta momentuan, Plof! Bi neurona sano aldi
berean pikutara, bat besterik ez ni defendatzeko. Koldok alde ilunean ikasitako
JEDI abileziaz baliatuta indarrean perturbazioa nabaritu zuen, eta inolako
erreparorik gabe eraso egin zuen zuzenki. Baina Ixaren neurona bakarra nahikoa
da IAMA martxan jartzeko (Ixaren
Autodefentsa Mekanismo Automatikoa). Ezkerreko titia ukitu zidan momentuan bost
arrazoi boteretsu eman nizkion aurrera jarraitzekotan izango zituen arazoak
azaltzeko. Nire eskuineko eskuaren behatzek utzi zituzten bost markei buruz ari
naiz noski, aztarna garbia inprimatu nuen bere ezker masailean. Eta Dolby Surround
5.0 ikaragarrizko soinu efektuarekin tabernako musikak isilune bat egin zuen
momentu zehatzean.
Lotsatuta, nire aurpegia semaforo baten argi
gorria bezala piztu zen berriro. Taberna horretan ezagutzen naute (zera…
ninduten, ninduten da perpausaren aditz-aldi egokia) eta handik ihes egiten
nuen bitartean nire izenarekin nahasten ziren algarak eta txalo zaparradak
saihestu behar izan nituen. Nire mozkorra nire berokiarekin taberna barruan
geratu zen, baina kalte gutxi deritzot berokiaren galtzearena halako lotsa
berriro ez pasatzearen truke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario